sábado, 6 de marzo de 2010

Autoentzako itxarongela (BERRIA)

Plaza giro

Ohi baino luzeagoak dira Iruñeko Ibilgailuen Azterketa Teknikoa egiteko zentroko auto ilarak azkenaldian, Gipuzkoako bi zentrotako langileen greba dela eta.
IÑIGO ASTIZ.
Iruñea
Pasaerako lekua da, berez, Iruñeko Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) egiteko zentroa. Autoz etorri, autoari probak egin, eta autoz joan. Hamar bat minutu baino gehiagokoa ez. Egoneko lekua bilakatu da, ordea, azkenaldian. Autoentzako itxarongela moduko bat. Greban daude iazko abenduaren 9az geroztik Gipuzkoako hiru IAT zentroetako bitan langileak, eta ordutik hona, Nafarroara jotzen dute azterketa egitera Gipuzkoako hainbat gidarik, horregatik. Ohi baino ilara luzeagoak daude probak egiteko, eta ordu eta erditik gora ere egon behar izaten du jendeak zain batzuetan. Arratsaldeko bostak dira, eta 34 ibilgailu daude azterketa egitera sartzeko zentroa inguratzen duen ilaran. Barañaingo (Nafarroa) Jabier Jimenez da esperoan daudenetako bat. Ordu betetik gora egon da ilaran, eta motorraren probak egitera sartzear da. Bigarren aldiz etorri da gaur. «Goizean ere etorri naiz, baina zain egoteaz aspertu, eta alde egin dut, azkenean». Iristear da haren txanda, eta umore onez dagoela dio, ez dago pozik egin behar izan duen itxaronaldiarekin, ordea. «Beste modu batera bideratu behar zuten kontu hau», dio. «Arazoa ez da kanpoko jendea [gipuzkoarrak] etorri dela, baizik eta hemen sortu den ilara. Bi egun kanpokoentzat, eta bi bertakoentzat. Halako formularen bat bilatzea izan zitekeen konponbidea, baina ez dute halakorik egin. Nahitaezkoa da proba hau egitea, eta erraztasun gehiago eman beharko lituzketela uste dut». Donostiatik etorri da Karmele Patiño Iruñera. Ordubeteko bidaia izan du heltzeko, eta ordubetetik gorako ilara azterketa egiteko. «Abendu erdialdean deitu nuen lehenengoz Irungo zentrora (Gipuzkoa), baina ez zidaten telefonorik hartu. Ulertzekoa da lantokian arazoak izanik langileek grebara jotzea erabaki izana; hango langileek ere, gainontzeko guztiok bezala, greba egiteko eskubidea dute. Errespetatzen dut. Oraingoz, hemen egon behar, zain». Vianan (Nafarroa) bizi da Javier Lopez, eta dioenez, pasa egin zitzaion azterketa egiteko data, eta isun eta guzti etorri da proba egitera. Irundik etorri den Florencio Gomez du atzean Lopezek, eta isunik ez badu ere, hura baino haserreago mintzo da. «Pasatzen ari direla iruditzen zait», dio. «Eusko Jaurlaritza ez da ezer egiten ari, eta hango jendeak ordubeteko bidea egin behar du hona etortzeko, eta gero, beste ordubete hemen zain. Bai, behintzat, azterketa gaindituz gero, litekeena baita proba ez gainditu eta berriz etorri behar izatea! Gipuzkoatik gatozenontzako ilara berezi bat jarri behar luketela uste dut». Langileak ere zain Zain daude langileak ere. Urnieta eta Irungo IAT zentroetako 64 langile daude, guztira, egun greban. Tuvhrheinland Iberica SA enpresarenak dira bi lantokiak, baina ezberdina da batean eta bestean langileen soldata. Denak parekatzea da langileen eskari nagusia. Oraingoz, baina, ez dute baiezkorik jaso. Enpresak, berriz, behin baino gehiagotan eskatu dio Eusko Jaurlaritzari gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, baina oraingoz, ez dute halakorik egin, oinarrizko zerbitzu bat ez dela diotelako, eta azterketa egiteko alternatibak badaudelako. Oraingoz, beraz, jarraitu egingo du grebak, baita Iruñeko ilarak ere. Pasako leku baten baino itxarongela baten antz handiagoa izango du, beraz, oraingoz, Iruñeko IAT zentroak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario