jueves, 3 de junio de 2010

IAT-ITV auzian, nor da delitugilea?

GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak
Joseba Leizeaga Arriaga Irudigilea

Eusko Jaurlaritzak auto/kamioi/autobus gidari guztiak IAT azterketa pasatzera derrigortzen ditu. Azterketa zerbitzu publiko hori enpresa pribatu baten bidez kudeatu du hasiera-hasieratik, azterketa bakoitzeko diru saria kentzen digutelarik. Agirietan-eta ematen duten binetan (pegatinan), zerbitzu horren arduradun nagusiaren ikurra agertzen da, Eusko Jaurlaritzarena hain zuzen.

Gipuzkoan, enpresa horietako langileek, ezarri nahi izan dizkieten baldintza kaskarren aurrean, lau hilabete luze bete dituen greba abiatu zuten. Greba horren ondorioz, Autonomia Erkidegoko lurraldearen heren bat zerbitzu hori gabe gelditu da, bertako gidari guztiak kaltetuak direlarik. Nola uler daiteke erabiltzera derrigortzen gaituzten zerbitzua lau hilabete luzez etenda edukitzea? Nola ez dute arazoa konponbidean jarri? Zer egin du Jaurlaritzak bere ardura den eskumen honekin? Zer egin dute auto gidariek?

Auto gidariak, egoera ustel horretan erabat kaltetuak ez gara inolaz ere antolatu, ez dugu egoera hori salatu, asko eskirolen gisa, Bizkaian, Araban eta Nafarroan bakoitza bere arazoa modu pertsonalean konponduz aritu gara. Horrela, Jaurlaritzari izan duen jarrera izateko izugarrizko aukera eman diogu, ez baitu gipuzkoar auto gidarien eskutik inolako presiorik izan, eta ez gara 290.000 baino gutxiago. Beste auto gidari askok eskirolarena ez egitea erabaki dute, eta ertzainek harrapatu dituztenek isun ederra jaso dute.

Egoera paradoxiko horrek gizartea anestesiatuta dagoen testuinguruan sartzen gaitu, eta noraino anestesiatu gaituzten erakusten du. Betebehar bat ezartzen digute, ezartzen digunak kudeatzen duena. Lurraldearen herenak azken lau hilabete luzeetan ez du zerbitzu hori eskuratzerik, eta horren ardura zuzena kudeatzaile den Jaurlaritzarena da. Arazoa konpondu ordez, arazo horrek zuzenean kaltetzen dituen auto gidarien aurka egiten dute, legearen arabera azterketaren epea gainditu baitute, eta hori IAT zerbitzuaren eskumena ematen dien trafikoaren eskumena erabiliz egiten dute, baina beraiek ziurtatu behar duten zerbitzua ez dute eskaintzen. Auto gidariak trafiko arauen kontrako delitugile izendatzen dituzte eta isun baten bidez lapurtu egiten diete. Galdera argi dago: nor da delitugilea?

Gutun honen bidez, greba luze eta gogor horretan borrokan dabiltzan langileekiko eta kalteturiko auto gidari ororekiko elkartasuna adierazten dut. Aurrera!

http://www.gara.net/paperezkoa/20100603/202760/es/IAT-ITV-auzian-nor-da-delitugilea

No hay comentarios:

Publicar un comentario