jueves, 8 de agosto de 2013

Gurpil gaineko itxarongela

Ilarak sortu dira Donezteben eta Arbizun ibilgailuen azterketa teknikorako egoitzetan, Irungo eta Urnietako IATa egiteko tailerretako langileen grebarengatik; batez beste, bi ordu egon behar da zain.
MAIALEN BELARRA DONEZTEBE
Auto ilara luzeak sortu ziren atzo goizean ere Donezteben azterketa teknikoa pasatzeko lekuan. Gipuzkoarrak dira gidari gehienak. / JAGOBA MANTEROLA / ARP
Auto ilarak bilakatu dira protagonista Nafarroan, IAT ibilgailuen azterketa teknikoa egiteko lantegietan. Izan ere, joan den ekainaren 15ean Urnietako eta Irungo (Gipuzkoa) IATa zerbitzuetako langileek gutxienez hiru hilabeteko greba iragarri zuten, eta, ondorioz, bezero ugari Nafarroara joaten dira euren ibilgailuak ikuskatzera. Doneztebeko eta Arbizuko IATa egiteko egoitzetan lanuzteen eragin zuzena jasan dute, batez beste bi orduko ilarak sortzen baitira egunero.

Urnietako eta Irungo IATa tailerretako langile batzordea iazko irailean hasi zen protestak egiten; bi lantegiak kudeatzen dituen TUV Rheinland Iberica SA konpainiako zuzendaritzak 2011ko abenduaren 31n iraungitako lan hitzarmena berritzeko eskatzen dute langileek. Lan erreformen harira, uztailaren 7tik aurrera lan hitzarmen asko bertan behera geratu dira, eta langileen baldintzak kolokan jarri. Lanuzteen bidez langileen benetako baldintzak bermatu nahi dituzte.

Langileek diote greba hasi zenetik enpresa ez dela eurekin harremanetan jarri, eta langile batzordeak «erantzukizuna» eskatu dio zuzendaritzari, lanuztea amai dezaten. Alfonso Artola TUV Rheinlandeko eskualdeko zuzendariak adierazi du ez duela ulertzen langileen lanuztearen zergatia. «Ekainaren 12an proposamen bat egin genien. Bertan, enplegua mantentzea, soldatak igotzea eta lanaldia mantentzea eskaini genien, baina ez dugu inolako erantzunik jaso langile batzordetik», azaldu du. Uztailaren 7tik aurrera aldaketarik egon den edo ez galdetuta, Artolak azaldu du aurtengo abenduaren 31 bitartean langileen baldintzak ez direla aldatuko. Hortik aurrera ez daki legeak zer esango duen.

Urnietako IATa egiteko tailerrean gutxieneko zerbitzuak dituzte, eta Irunen %30 inguruan lanean ari dira. Baina ez da nahikoa gipuzkoar guztien eskaerak asetzeko. Lanuzteek, beraz, ondorio zuzena izan dute IATa egiteko Nafarroako lau egoitzetan: Berriozarren, Noainen eta, batez ere, Donezteben eta Arbizun. «Nik ordu erdi daramat itxaroten, eta berehala sartuko naiz; egia esan, uste baino ibilgailu gutxiago daude hemen», nabarmendu du Mikel Navarro gidari iruindarrak, Berriozarko IATaren egoitzan zain dagoen bitartean. Argoitz Arruabarrena lasartearrak ere antzeko aipamenak egin ditu: «Urnietakoa itxita dagoenez, gaur goizean Berriozarrera deitu dugu, eta hementxe gaude. Gehienez ordu erdi itxarongo dugula esan digute».

Ilarak gehi ilarak

Besterik gertatzen da Doneztebeko eta Arbizuko IATa egiteko lantegietan. Arbizuko lantegian oso lanpetuta daude, Mari Balda langileak dioenez. «Ilara handiak daude uztailaz geroztik, eta orain ere jendeari kasu egin beharrean naiz, sentitzen dut», adierazi du, presaka. Donezteben ere lanez lepo dabiltza. Uxue Irurueta Doneztebeko IATa pasatzeko tailerreko harreragileak azaldu duenez, abuztuan ordutegia aldatu behar izan dute: «Goizean sekulako ilarak sortzen zirela ikusita, ordubete lehenago irekitzea erabaki zen», dio jendez inguratuta dagoen bitartean. Orain arte 09:00etatik 13:00etara irekitzen zuten, eta 15:00etatik 18:00etara. Orain, ordea, lanaldi jarraitua egiten dute, 08:00etatik 16:00etara. «Ordutegi berria oraindik ez dugu behar bezala bete, beti bukatu dugu beranduago, auto gehiegi egoten direlako», gaineratu du Mikel Goñi IATa egiteko tailerreko langileak.

Iruruetak azaldu duenez, egun hauetan etorritakoen %75 baino gehiago gipuzkoarrak dira, gehienak donostiarrak. Gidarien artean haserrea nabari da: «Hainbeste itxaron beharra lotsagarria da! Bada garaia Gipuzkoako IATetan akordio batera heltzeko», dio erdi oihuka Ramon Bertiz donostiarrak. Dena den, bada itxarotea hainbeste axola ez zaionik ere: «Ia bi ordu daramatzat hemen, baina nahiago dut itxaron, sekulako isuna ordaindu baino. Beste lantokietan ordua eskatu behar da, eta auskalo noizko ematen duten», azaldu du Julio Perez donostiarrak. Amaia Intxausti donostiarrak gaineratu duenez, «aste osoa Urnietara eta Irunera deitzen aritu naiz, baina ez didate telefonoa hartu. Gaur goizean Irunera joan naiz, eta irailerako eman didate ordua; nahiago nuen hona etorri, eta itxaron». Gauza bera esan du David Herrera donostiarrak: «Bi ordu itxaroten egon arren, Irunen irail erdirako eman zidaten ordua, eta IATa askoz lehenago iraungiko zait».

Asko dira Doneztebera joaten direnak ordurik eskatu behar ez delako, baina bada prezioari begiratzen dionik ere. «Greba egon ala ez, ni beti etortzen naiz Doneztebera. Egia da Irungoa hurbilago dudala, baina Doneztebekoa merkeagoa da, eta ordurik behar ez izatea abantaila da», azaldu du Daniel Kalparsoro donostiarrak. George Dumitrachek, berriz, Berriozarrera joatea pentsatu zuela esan du: «Berriozarrera joateko zorian egon naiz, baina Doneztebe hurbilago dago».

Urnietako eta Irungo IATa egoitzetako langileek ez dute greba amaitzeko asmorik, enpresarekin akordio bat egin ezean. Oraingoz, irailaren 15era bitartean egonen dira lanik egin gabe. Gidariei euren egoera «ulertzen saiatzeko» eta «babesteko» eskatu diete.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada