martes, 19 de noviembre de 2013

"Langileenak ez diren beste interes batzuek eragin dute greba IAT zentroetan"

 TUVRheinland enpresaren ustez, grebak "ez du ez hankarik, ez bururik"; zerbitzu publikoko sektorea denez, oihartzun mediatikoa dauka, "eta beharbada sindikatuen interesek eragin dute".

Xabier Martin   2013-11-19 - 14:11:50
TUVRheinland Urnieta eta Irungo IAT ibilgailuen azterketa teknikoko langileen grebak bost hilabete egin ditu azaroaren 15ean, eta enpresa zuzendaritzak prentsaren aurrera ateratzea erabaki du, egoerak "erabat kezkatuta" duela esateko, "gidariei eragiten ari zaien kaltearengatik". Alfonso Artola enpresako ordezkaria Urnieta, Irun eta inguruko beste hiru IAT estaziotan datuekin azaldu da prentsaurrekora. Langileen soldatak xehetasunez kontatu ditu. Urnietako estazioan 30 langile daude lanean, eta Irunen 29. Urnietako %90 greban dago, eta langileen erdiak Irunen. Urnieta itxirik dago, eta Irun zabalik, baina langile gutxirekin aspaldian. Greba hasi aurretik baino %60-70 zerbitzu gutxiago egiten dituzte.

"Greba honek ez du zilegitasunik", bota du Artolak hasi orduko, "enpresari eta erabiltzaileei kalte handia eragiten ari zaileako; langileen lan baldintzetan ez da murrizketarik planteatzen ari", erantsi du. Ez dago erregulazio dosierrik, eta enpresak ez du nahi "lanaldia luzatu edo soldata jaistsi". Grebaren justifikazioa ituna sinatzeko akordio ezak ematen duela dio enpresa zuzendaritzak. Orain bi itun kolektiboren bidez arautzen ditu enpresak baldintzak, batzuei administrazioaren langileena aplikatzen diete (7), eta gainontzekoei ingeniaritzakoa (2013ko abenduaren 31n bukatuko da).

"Gure langileen lan baldintzak Espainiako IAT guztien artean onenak dira, baita Euskadiko IAT guztien artean ere". Mekaniko buru batek 39.000 euro garbi irabazten ditu urtero, "Lanbide Heziketako trebakuntza daukan pertsona batek". Mekanikari soil batek 37.000 euro, eta administrazioko langile batek 34.000 euro, betiere administraziotik baldin badatoz. Horrelako estatusa dutenak badira TUVRheinland enpresaren IAT estazioetan, lehen zerbitzu hori langile publikoek egiten zutelako. Gehienak, ordea, ez datoz administraziotik, eta 31.000, 28.000 eta 25.000 euro irabazten dute. "Antzinatasuna ere jasotzen dute", kontatu du Artolak. 12 urtetik gorakoa dute gehienek, eta horri esker beste 3.000 euro jasotzen dute batez beste.

"Soldata hauek benetako egoeratik at daude", dio Artolak, "soldata horiekin ingeniariak kontratatu ditzakegu mekanikari lana egiteko". Lanaldia 1.592 orduko da, "administrazioaren behetik gaude, 1.621ekoa baita han, eta baita gainontzeko IAT gure zentroen lanaldiaren azpitik, 1.700etik gora egiten dutelako haietan". Geroa EPSVari egindako enpresaren ekarpen bat ere badutela esan du IAT enpresaren ordezkariak; "hau ez dago beste inon gure enpresan".

Sei hilabeteko greba

2009an sei hilabete greba egin zuten langileek, harik 2010ean akordioa sinatu zen arte, %12ko soldata igoerarekin. Akordio hori 2011ko abendura arte luzatu zen, eta ostean lanuzteak hasi ziren berriro 2012ko otsaila aldera. Kontua da 2010eko akordio horrek ez dituela administraziotik eratorritako langileen "arazoa" soluzionatu, enpresak dioenez, eta orain ere akordioa ez dagoela TUVRheinlandek eskaintzen dituen bi proposamenen inguruan.

Lehenean 2010eko akordioa berritzea da, baina langile guztiak ingeniaritza itunean sartuta, hots, administrazioko ituna baztertuz. Beste aldaketa bat ere egin nahi du enpresak, eta garrantzitsua sindikatuen ustez. Ituna urratzeko erreformak ematen dien eskubidearekin du lotura. Enpresak nahi du horrelako kasuetan derrigorrezko arbitratzea egotea Precon (Jaurlaritzaren lan saileko organoan), baina urraketa egin ahal izatea, finean.

Alfonso Artolak onartu du, hala ere, ingeniaritzako itun sektoriala aurten amaituko dela, eta ez du zehaztu zer gertatuko litzatekeen berrituko ez balitz; ez du esan langileek akaso Espainia mailako itun batean sartu beharko luketela, eta hura ez balego Langilearen Estatutua litzatekeela soldata oinarria emango lukeena. Zuzendaritzaren bigarren proposamena da 2010eko akordioa den bezala sinatzea berriro, baina soldatak "erreferentziazko itunen arabera" erabakitzea. Haiek berritzen diren edo ez diren egoeretara lotuta geratuko lirateke langileen soldatak, beraz.

Azken finean, TUVRheinlanden ustez, grebak "ez du ez hankarik, ez bururik"; zerbitzu publikoko sektorea denez oihartzun mediatikoa dauka, "eta langileenak ez diren beste interes batzuek eragindakoa da, beharbada sindikatuen interesek". Langileek "hausnartu dezatela" eskatu du zuzendaritzak, "errealitatetik at" daudela ohartzeko eta beraien lan baldintzak "baloratzeko".
http://www.berria.info/albisteak/85942/langileenak_ez_diren_beste_interesek_eragin_dute_greba_iat_zentroetan.htm

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada