viernes, 20 de diciembre de 2013

Errebisioa behar duen zerbitzu publikoa

Gipuzkoako gidariek sei hilabete daramatzate euren automobil, moto, furgoneta eta kamioiak errebisatzeko problemekin. Irungo eta Urnietako Ibilgailuen Azterketa Teknikoko (IAT) zentroak greban daude. Arrazoia: Eusko Jaurlaritzaren esleipen publikoaren bidez duela 20 urtetik zerbitzua kudeatzen duen TÜV Rheinland enpresa alemaniarrak ez duela langileekin adostu nahi lan baldintzen markorik. Amaiezina dirudien greba baten historia da hau.
Gorka Bereziartua Mitxelena

Gorka Bereziartua Mitxelena

2396. alea 
2013-12-22
Abenduaren 5ean hurbildu gara ELAk Hernanin dauzkan bulegoetara, Irungo eta Urnietako IATetako langileen egoeraren berri jasotzeko. Zerbitzua ahal bezain azkarren berriz eskaintzeko erakunde publikoen inplikazioa eskatzen dute. (Arg: Dani Blanco)
Sei hilabete dira Irungo eta Urnietako IATko langileek greba hasi zutenetik. 2010ean beste hainbeste luzatu zen protestaren ondorioz lortu zuten akordioa berrestea eskatzen dute
“Gerrako ekonomia” bizi dute langileek etxean: ELA sindikatuaren erresistentzia-kutxa eta bakoitzak lor dezakeen laguntza familiarra dira haien sostengu ekonomikoa azken urte erdian
“Enpresa eroso dago. Nafarroako IATak bere esku daude eta Gipuzkoan egiten ari ez garen azterketa batzuk horietan egiten ditu. Dirutan ez da hainbeste galtzen ari” Ketxus San Emeterio, IATeko enpresa batzordea
Egun bakarreko grebak motz geratzen direla uste dutenek badaukate protesta luzeagoetarako eskola: Urnietako eta Irungo IATko langileen bilera hau. Sei hilabete daramatzate lana utzirik. Bukaera eperik jarri gabe hasi zuten huelga eta ez du ematen zerbitzu publiko hori bere esku daukan TÜV Rheinland enpresak problema konpontzeko borondate handirik daukanik.
Espainiako Lan Erreformaren mamua ikusi dute langileek atzean. Alegia, enpresak ez duela berretsi nahi euren baldintzak blindatuko lituzkeen akordioa, prekariora jokatzeko kartak eskuan dauzkalako PPren Gobernuak indarrean jarri duen legediari esker.
Abenduaren 5eko eguerdia da. Hernaniko ELA sindikatuaren egoitzan 30 bat lagun, beren kausa erakunde publikoetara nola eraman eztabaidatzen eta umore onean hala ere. Ketxus San Emeterio langile batzordeko lehendakariak darama bolantea: esplikatu duenez, udaletara joko dute; herriz herri euren eskariak ezagutzera eman nahi dituzte, erakunde lokaletatik Eusko Jaurlaritzarainoko bidea egin dezaten. EAEko Gobernuak gai honetan hartzen duen jarrera izan liteke giltza, hura izan baitzen enpresa pribatuei automobilak aztertzeko zerbitzua kudeatzeko aukera zabaldu ziena 1993an. Eta bere esku dago zerbitzua zein baldintzatan esleitzen den erabakitzea.
Déjà vu
Sei hilabete, baina ez lehenengoak. 2010ean beste hainbeste egin zituzten greban eta urte hartako ekainaren 15ean negoziazio egun luze baten ostean sinatu zuten hitzarmena komiteak eta TÜV Rheinlandek. ETBren kamerek jaso zuten arratsalde urduri hartako koadroa: langileak zain Lan Harremanen Kontseiluak Donostiako Hondarribia kalean daukan bulegoaren kanpoan, zer gertatuko bertatik bertara jakin nahian. Eta azkenean berri onak, besarkadak, txaloak.
Biharamunean, gaur bilera egiten ari diren gela honetan bertan pankarta jarri zuten ELAko kideek, “lortu duzue, zorionak!”. Akordioa langileen asanbladan onartu ondoren hamaiketakoa janez ospatu zuten irribarre txikiarekin, borroka luzearen zama gainean oraindik. “Gauzak izorratuta dauden garai hauetan lezioa eman diozue gizarteari: borrokatuz lor daitekeela”, esan zien sindikatuko kide batek.
Orduan hitzartutako akordioa da orain kolokan dagoena. Langileen baldintzak erregulatu zituzten lanuzteen ondoren, baita jardueraren kudeaketa zuzena eta zerbitzu publikoa egoki emateko kondizioak zehaztu ere. Soldata-eskalak erregularizatzea, pertsonal gehiago kontratatzea eta denek gutxiago lan egitea –35 ordu astean–; eta, batez ere, herritarrei EAEko zerbitzu-ordutegi zabalena eskaini ahal izatea, 7:30etatik 20:30ak arte. Mundu guztia ateratzen zen irabazten antza: langileek euren baldintzak hobetuko zituzten eta zerbitzuaren erabiltzaileek, Gipuzkoako gidariek, erosotasun handiz pasa ahalko zuten errebisioa ia egun osoko ordutegiari esker.
Baina akordio horrek 2011. urtea bukatu arte balio zuen. Geroztik, enpresa ezetzean dago eta langileak gatazkan. Negoziatzeko modu berezi samarra erakutsi du TÜV Rheinlandek, izan ere, langileei idatziz hainbat proposamen egin dizkie, baita langileek onartu ere; baina akordioari autografoa botatzeko momentuan, atzera egin du kontzesiodun enpresak.
Hortik protesta: 2012an hiru egunetik batean ez zuten lanik egin, duela hiru urteko akordioa berritzearen alde. Aurten egun erdiz hustu dituzte lantokiak 65 alditan, ekainean greba luzeari ekin aurretik.
Etxean “gerrako ekonomia”
Bizi liteke mugarik gabeko greban? Nola? “Gerrako ekonomia” dela dio San Emeteriok, bilera bukatu ondoren hizketan. “600 euro inguruko erresistentzia-kutxa dauka sindikatuak. Horrekin biziraun dezakezu eta erresistitzera behartzen zaitu. Denak gabiltza etxean gurasoen laguntzarekin eta umeen janaria ahal den bezala ordaintzen”.
Ainhoa Quevedo greban ari den IATko langileetako bat da. Hamahiru urte daramatza bertan lanean eta bikotekidea langabezian dagoenez, erresistentzia-kutxa eta familiaren laguntza ditu sostengu bakar. Estualdi ekonomikoari enpresaren arreta falta gehitu behar zaio bere ustez: “Bost hilabetera iritsi arte ez dira hizketara etorri”. Eta orduan ere ez dute bilera-egutegirik adostu nahi izan, gero jakin ahal izan dugunez.
2010eko akordioa sinatzea lortu zutenetik liskarra etengabea izan dela dio Quevedok. Euskal Herriko IATentzat arduradun bat jarri zuen TÜV Rheinlandek eta berehala hasi zen neurriak hartzen hitzarmenari itsu eginez: langileak kaleratu dituzte; batzuk Irundik Urnietara lekuz aldatu, nahiz eta horrelakorik egingo ez zutela adostuta egon; eta enpresako arduradunak langileekin daukan tratua “oso hotza” dela dio.
Madrilen 21 lagun kalera
Gipuzkoako IATak ez dira TÜV Rheinlanden esku dauden bakarrak. Nafarroan ibilgailuen azterketa teknikoa egiten duten hiru zentro enpresa beraren esku daude, Doneztebekoa, Arbizukoa eta Berriozarkoa. Espainiako Estatuan guztira mota honetako hamazazpi zerbitzu kontrolatzen ditu, tartean Madrilgo Erkidegoko lau.
Han 21 lagun kaleratu dituzte eta gainontzeko langile guztien baldintzak (89 lagunenak) aldatu ere bai San Emeteriok azaldu duenez. Erabakia alde bakarrekoa izan da. “Ordu gehiago sartuko dituzte, igande goizetan ere lanera joan beharko dute agian”. Ez hori bakarrik: “Baldintza aldaketa horiek sartu dituzte, baina legeak dio hiru hilabete barru berriz aldatu ditzaketela. Madrilen orain hasi dira mobilizatzen, baina ez daukatenez guk daukagunaren antzeko ezer lehendik hitzartuta, ezin jakin hiru hilabete barru zer”.
Enpresak bere asmoen berri emango balu errazagoa izango litzatekeela uste du komiteko ordezkariak. Zenbait mediorekin gosari informatiboak egin dituela-eta kexu da: “Prentsan gauza asko esan bai, baina benetan ez dute konprometitu nahi”.
Espainiako Lan Erreformak dio lantoki bakoitzean adosten den konbenioak lehentasun aplikatiboa daukala Estatuko hitzarmenaren gainetik. Zergatik ez bihurtu aurreko greba amaitzean sinatutakoa euren esparruko lan baldintzen marko? Zer bilatzen du enpresak horren ordez? Hori da greban dauden langileek galdetzen dutena, erantzunik aurkitu gabe oraingoz.
Auto pilaketak Nafarroako zentroetan
Bitartean, eusko gidariak grebaren ondorioak nabaritzen ari dira: ekainetik tarteka agertzen da hedabideetan Doneztebeko eta Arbizuko IAT-tan gertatzen ari diren auto pilaketen albistea. Gipuzkoan errebisioa egin ezinda, Nafarroako zentroetara jo dute askok hilabete hauetan. Eta horrek ezohiko argazkiak ateratzeko parada eman du, prestatuta zeudena baino lan bolumen askoz handiagoari aurre egin behar izan baitiote Nafarroako IAT zentroek.
Bi ordu itxaron behar izan zituzten zenbait autok uztailean, zirkulatzeko derrigorrezkoa den pegatina lortu ahal izateko. “Gainezka” zeudela adierazi zion Arbizuko zentroko langile batek Diario de Navarra egunkariari.
Grebalariak jabetzen dira ondorio horietaz, baina argi dute ez dela beraien kapritxoz sortutako egoera. Euren problematikaz informatzeko prestatutako txostenean diotenez, “milaka gipuzkoarren eskubideei kalte egiten” ari zaie kontzesiodun enpresa, zerbitzua behar bezala emateko baldintzak ez jartzeagatik. Eta EAEko administrazioaren eskubideak ere urratzen dituela uste dute, Jaurlaritzak ez baititu azken sei hilabeteetan kobratu azterketa tekniko bakoitzarengatik zegozkion kanonak.  
Jaurlaritzaren esku
Hala ere “enpresa eroso dago”, San Emeterioren ustez. “Nafarroako IATak bere esku daude eta Gipuzkoan egiten ari ez garen azterketa batzuk horietan egiten ditu. Dirutan ez da hainbeste galtzen ari”.
http://www.argia.com/argia-astekaria/2396/gipuzkoako-iat-en-greba

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada