martes, 28 de enero de 2014

IAT-ITV auzian, nor da delitugilea?

JOSEBA LEIZEAGA ARRIAGA
IRUDIGILEA
«Gutun honen bidez, greba luze eta gogor honetan borrokan dabiltzan langileekiko eta kalteturiko auto gidari ororekiko elkartasuna adierazten dut. Aurrera!»
2014/01/27
Eusko Jaurlaritzak auto/kamioi/autobus gidari guztiak IAT azterketa pasatzera derri- gortzen ditu, azterketa zerbitzu publiko hori, enpresa pribatu baten bidez kudeatu du hasiera-hasieratik, azterketa bakoitzeko diru saria kentzen digutelarik. Agirietan eta ematen duten binetan (pegatinan), zerbitzu horren arduradun nagusiaren ikurra agertzen da, Eusko Jaurlaritzarena hain zuzen.

Gipuzkoan, enpresa horietako langileek, ezarri nahi izan dizkieten baldintza kaxkarren aurrean, lau hilabete luze daraman greba abiatu zuten. Greba honen ondorioz, Autonomia Erkidegoko lurraldearen heren bat zerbitzurik gabe gelditu da, bertako gidari guztiak kaltetuak direlarik. Nola uler daiteke derrigortzen gaituzten zerbitzua lau hilabete luzez etenda edukitzea? Nola ez dute arazoa konponbidean jarri? Zer egin du Jaurlaritzak bere ardura den eskumen honekin? Zer egin dute auto gidariek?

Auto gidariak, egoera ustel honetan erabat kaltetuak, ez gara inolaz ere antolatu, ez dugu egoera hau salatu, asko eskirolen gisa Bizkaian, Araban eta Nafarroan bakoitzak bere arazoa modu pertsonalean konponduz aritu gara. Honela, Jaurlaritzari izan duen jarrera edukitzeko izugarrizko aukera eman diogu, ez baitu gipuzkoar auto gidarien eskutik inolako presiorik izan, eta ez gara 290.000 baino gutxiago. Beste auto gidari askok eskirolarena ez egitea erabaki dute, eta ertzainek harrapatu dituztenek isun ederra jaso dute.

Egoera paradoxiko honek, gizartea anestesiatuta dagoen testuinguruan sartzen gaitu, eta noraino anestesiatu gaituzten erakusten du. Betebehar bat ezartzen digute, ezartzen digunak kudeatzen duena. Lurraldearen herenak azken lau hilabete luzeetan ez du zerbitzu hori eskuratzerik, eta horren ardura zuzena kudeatzaile den Jaurlaritzarena da. Arazoa konpondu ordez, arazo horrek zuzenean kaltetzen dituen auto gidarien aurka egiten dute, legearen arabera azterketaren epea gainditu baitute, eta hori IAT zerbitzuaren eskumena ematen dien trafikoaren eskumena erabiliz egiten dute, baina beraiek zihurtatu behar duten zerbitzua ez dute eskaintzen. Auto gidariak trafiko arau-en kontrako delitugile izendatzen dituzte eta isun baten bidez lapurtua izaten da. Galdera argi dago, nor da delitugilea?

Gutun honen bidez, greba luze eta gogor honetan borrokan dabiltzan langileekiko eta kalteturiko auto gidari ororekiko elkartasuna adierazten dut. Aurrera!

Gutun hau, hitzez hitz, 2010eko ekainean argitaratu nuen. Lau urte igaro dira, Patxi Lopez joan eta Iñigo Urkullu etorri da, arazoari ez zaio inolako konponbiderik eman eta horrek egoera asko okertu du. Dagoeneko Gipuzkoako IATetako langileak, greba orokorraren zazpigarren hilabetean sartuta daude, eta otsailaren 15era bitartean, zortzi hilabeteko tartea, grebarekin jarraitzeko asmoa azaldu dute. Milaka auto, autobus eta kamioi gidari kaltetuak izan dira, bai ertzainen isunengatik, bai eskirol gisa beste lurralde batera joan behar izan dutelako. Nire kasuan, aurtengo greban, langileekiko elkartasunez, zazpi hilabete dira autoa mugitu ezinean nagoela. Arazoei aurre egiten ez zaienean, areagotu egiten dira, arazo baten aurrean, konponbidea erdietsi ordez arazoa elikatzen duenak sortzen den egoerarekiko eta egoera horren ondorioekiko erabateko ardura dauka, kasu honetan Jaurlaritzak eta auto, autobus, kamioi gidariek duten bezala, eta hau da horren adibide argia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada