miércoles, 12 de marzo de 2014

Gaur ere akordiorik ez TUV Rheinlandeko gatazkan

Enpresak adierazi du nahiz eta gatazka eragiten zuen puntua kendu Irungo eta Urnietako IAT zerbitzuko langileek ez dutela proposamena onartu.
Miren Garate   2014-03-12 - 15:19:09
     

Bazirudien konpontzear zela Irungo eta Urnietako ibilgailuen azterketa teknikoko gatazka, baina gaur ere ez dute akordiorik lortu TUV Rheinlandek eta langileek. Langileek atzo bertan esan zuten "puntu bakarra" geratzen zela konpontzeko. Ketxus San Emerio enpresa batzordeko presidentearen esanetan, langileak prest daude 2015 eta 2016ko soldata izozteko, baina, jarduera maila handi bat izanez gero, KPI adina igotzeko aukera nahi dute. TUV Rheinlandek baldintza bat jarri zuen horretarako: Jaurlaritzak tarifen igoera bat onartzea. Hau da, beren ibilgailuak aztertzera eramaten dituztenek gehiago ordaintzea zerbitzuaren truke. Enpresak jakinarazi duenez, gaurko bileran baldintza hori ere erretiratu egin du. Alabaina, langileek ez dute onartu proposatutakoa.
Bederatzi hilabete daramatzate greban langileek, eta gaurkoa aurten Precon egindako bosgarren bilera izan da. Urnietako IAT ibilgailuen azterketa teknikoa itxita dago, eta Irungoa erdizka ari da lanean. Datorren astean dira berriro biltzekoak.
Enpresak nabarmendu du ez duela soldaten doiketarik proposatu, ez kaleratzerik, ez erregulazio espedienterik, ez lanaldia luzatzerik, ordutegi aldaketarik ez bestelako aldaketarik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada