jueves, 20 de marzo de 2014

IAT zentroetako akordiorako neurria airean dago une honetan

TUV Rheinland Ibericako zuzendaritzak langile batzordeari deitu dio hark prentsaurrekoa eman baino lehen —16:00etako deitua zuen—, eta esan dio ez duela nahi akordioak hitzarmen kategoria hartzea.
Xabier Martin   2014-03-20 - 17:27:40
"Gatazkak jarraitu behar badu, jarraitzeko prest gaude", esan dio BERRIAri Ketxus San Emeterio langile batzordeko prtesidenteak. Urnietako eta Irungo IAT zentroetako langileen greba amaituta zegoela esan zuten atzo TUV Rheinland enpresa kudeatzailearen zuzendaritzak eta langile batzordeak berak, baina litekeena da zuzendaritzak ez errespetatzea atzo Donostian egindako bilera luzearen ondoren lortutako akordiorako oinarria. Halaxe jakinarazi dio langile batzordeari gaur arratsaldean, batzordeak akordioa azaltzeko deitua zuen prentsaurrekoa hasi aurretik.

Enpresak adostutakoa beteko duela ziurtatzeko eskatzen dioten bermea da arazoa zuzendaritzarentzat. "Atzo ez zegoen arazorik", dio San Emeteriok. Gaur bai, ordea. TUV Rheinland Ibericak ez zuen nahi akordio hori lan itun gisa erresgistratzea, ez zuelako nahi "Espainia osoan" ikustea akordio hori posible zela; Precon soluzio bat eskaini zioten: lan hitzarmen gisa ez, baina Precoren arbitratze ebazpen gisa jasoko zen akordioa. Zuzendaritzak baiezkoa eman zion aukera horri, harik eta gaur iritziz aldatu duen arte.

Arratsaldean argituko da atzo lortutakoari bidea zabalduko dioten berriro, edo bederatzi hilabete iraun duen grebak aurrera jarraituko duen. "Gatazkak jarraitu behar badu, jarraitzeko prest gaude", ohartarazi du ELA sindikatuko kideak. "Ez dituzte nahi ituna beteko den bermea jaso". Ordu gutxian ikusiko da aldeak gai diren azken orduko ezuste hau gainditzeko, edo luze baino luzeago jotzen ari den gatazkak are luzeagoa bihurtuko den.
http://www.berria.info/albisteak/89981/iat_zentroetako_akordiorako_neurria_airean_dago_une_honetan.htm

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada